Ohiko galderak
Erregistratu eta sartu prozesu partizipatiboetan, egin proposamenak, partekatu ideiak eztabaidetan eta egin iruzkinak. Gainera, Iruñean erroldaturik bazaude, proposamen zehatzak bozkatu ahalko dituzu.
Zalantzarik baduzu eta argibide hauek ez badizute hori argitzen, bidali mezu bat participacionciudadana@pamplona.es helbidera.
Zer da decide.pamplona?
Nahi dugun Iruña eraikitzeko plataforma
Decide.pamplona Iruñeko Udalaren plataforma digitala da, parte hartzeko plataforma bat, hiri demokratikoagoa eraikitzeari begira sortua. Hiri ireki, garden eta kolaboratibo bat sortzeko erreferentziazko gunea da, non hiriko bizilagunak izango baitira protagonista.
Proiektu kolaboratiboa
Decide.pamplona parte hartzeko plataforma bat da. Kode irekikoa da, eta, hortaz, edozeinek ikus dezake plataforma nola sortu den, eta plataforma berrerabili edo hobetu dezake. Egin klik hemen GitHub-en kodea kontsultatzeko.
Nola har dezaket parte Decide.pamplona plataforman?
Informa zaitez
- Kontsultatu prozesu partizipatiboak.
- Arakatu berriki egindako proposamenak, baloratuenak, iruzkin gehien dituztenak eta eztabaida gehien sortu dutenak.
- Iragazi zure intereseko edukiak, aldagai jakin batzuen arabera, esaterako auzo, gai edo etiketen arabera.
Har ezazu parte
- Egin proposamen berriak.
- Egin iruzkinak Udalak eta herritarrek aurretik egindako proposamenei.
- Plazaratu alde edo kontrako argudioak, bai eta gogoeta orokorrak ere.
Egin proposamenen alde
Partekatu proposamenak sare sozialetan.
- Egin proposamenen jarraipena.
- Egin proposamen guzti-guztien jarraipena, hala plataforman jaio nola aurrez aurreko bileretan sortu diren propoposamenena.
- Izan aurrez aurreko bileretako datuen berri, bai eta bertan mahaigaineratutako eztabaidena ere.
- Kontsultatu, aurrez aurreko bileren ostean, eztabaidek izandako bilakaera eta egin diren ekarpenak.
- Markatu proposamen bat eta jarraitu haren bilakaera osoa: hasi herritarren iruzkinetatik eta azken dokumentuetaraino.
Zer dira?
Prozesu partizipatiboak
Decide.pamplonaren jarduera-multzoak dira, herritarrak barne hartu eta inplikatzen dituztenak zenbait fasetan zehar: komunikazioa, diagnostikoa, ekarpenak, erabakiak, emaitzak eta proposamenen ebaluazioa. Fase horiek guztiak eskura izango dituzu prozesu partizipatibo orotan.
Parte hartzeko guneak
Etengabe parte hartzeko kanala edo ingurunea da. Prozesuek ez bezala, ez dute hasiera- eta amaiera-data finkorik.
Aurrez aurreko bilerak
Begiz begiko bilerak dira, arlo edo eremu bakoitzeko prozesuei lotuak.
Eztabaidak
Gune digitalak dira, prozesu bakoitzeko proposamenen berri izan eta erabakiak hartzeko.
Proposamenak
Parte-hartzaileen ekarpenak dira, eta horien alde bozkatu dezakete erabakitzeko eskumena duten erabiltzaileek.
Iruzkinak
Proposamen edo eztabaida baten harira erabiltzaileek egiten dituzten ekarpenak dira, eta aldeko edo kontrako botoak lor ditzakete.
Errorea ematen dit bizilekua egiaztatzean
Ziurtatu inguruabar hauek:
- Lotuta idatzi al dituzu NANeko edo agiriaren zenbakiko karaktere guztiak, amaierako letra barne?
- Ziur al zaude Iruñean erroldaturik zaudela?
- Baliteke zure datuekin arazoren bat egotea erroldako erregistroan. Egin kontsulta gertuen duzun Herritarrendako Laguntza Bulegoan, eta ziurtatu Erroldan dituzten datuak zuzenak direla.
- Hori guztia egin eta artean ere arazorik baduzu, bidali mezu elektroniko bat participacionciudadana@pamplona.es helbidera, edo etorri prozesuen karietara Iruñean egiten diren aurrez aurrezko eztabaidetara.
Ez nago Iruñean erroldaturik, zergatik ezin dut proposamenik bozkatu?
Iruñean erroldaturik dauden herritarrek baino ezin dituzte plataformako proposamenak bozkatu. Izan ere, hartuko diren erabakiek Iruñean eta bertako bizilagunengan izanen dute eragina, eta, hortaz, azken hitza bertokoek izan behar dutela uste dugu. Jakin, badakigu hartuko diren erabakiek Iruñean erroldaturik ez dauden pertsona askorengan izanen dutela eragina, baina errolda da dugun baliabiderik zabalena, zeinaren bitartez ahalik eta pertsona gehienengana iritsiko baikara, aldi berean prozesu partizipatiboaren segurtasuna bermatuta.
Ez nago Iruñean erroldaturik, parte har dezaket?
Iruñean erroldaturik ez bazaude ere, parte har dezakezu. Aurrez aurreko eztabaidetan parte har dezakezu, proposamenak egin eta plataforman aurretiaz daudenen inguruko iruzkinak egin; hori guztia Iruñean erroldaturik egon gabe. Proposamenen alde egiteko eskumena, baina, Iruñean erroldaturikoek soilik izanen dute, udal-hauteskundeetan bozkatzeko eskubidearekin gertatzen den bezala.
Zertarako balio du nire kontua egiaztatzeak?
- Webgunea erabiltzeko erabiltzaile-kontua behar duzu. Egiaztatze-mailaren arabera, gauza gehiago ala gutxiago egiteko aukera izanen duzu:
- Webgunean izena emateko helbide elektronikoa soilik erabiltzen baduzu (ez beste ezein daturik, bizilekua egiaztatzeko prozesua ere egin gabe) proposamen gaineko iruzkinak egin eta zure iritzia ematen ahalko duzu.
- Izena eman ostean oinarrizko egiaztapena egiten baduzu, hots, webgunearen bitartez zure bizilekua egiaztatu baduzu (argibide gehiago “Nola sortu eta egiaztatu nire kontua” atalean) proposamenen alde egin ahalko duzu.
- Dena dela, beti har dezakezu parte prozesu guztietarako egiten diren aurrez aurreko bileretan, begiz begi eta inolako egiaztapenaren beharrik gabe. Halako bileretan egiten diren ekarpenak jasoko dira, eta plataforman argitaratuko, denon eskura.
Parte hartzeko nahitaezkoa da telefono mugikorra edo Interneteko konexioa izatea?
Ez. Proposamenekin loturiko jarduketa oro –proposamenak sortu, babestu, bozkatu edo horien inguruko informazioa jasotzea– aurrez aurrez egin daiteke, Iruñeko hainbat gunetan egiten ari diren eztabaidetara bertaratuta. Halaber, erabiltzaile-kontu egiaztatua sor dezakezu, webgunea erabili nahi baduzu.
Nola sortu eta egiaztatu nire kontua
Lehenik eta behin, kontua sortu behar duzu hemen. Bete itzazu eskatzen zaizkizun datuak. Nahitaezkoa da erabilera baldintzak onartzeko laukia markatzea eta zuzen betetzea CAPTCHA delakoa (formularioaren azpialdean ikusiko duzu zenbait letra desitxuratuz osatutako irudi bat; beheko laukian idatzi beharko dituzu letra horiek, segurtasun-neurri gisa. Egin kasu letra larri eta xeheei). Behin hori eginda, mezu elektroniko bat jasoko duzu emandako helbidean, eta mezu horretan dagoen estekan klik egin beharko duzu (“Nire kontua baieztatu”), kontua sortzen amaitzeko.
Oinarrizko kontu hori sortuta, eta zure helbide eta pasahitzarekin sartu ondoren, oinarrizko egiaztapena egiteko aukera emango dizu sistemak. Hori egin nahi baduzu, zoaz “Nire kontua” atalera (goialdean, eskuinean) eta gero, klikatu “Nire kontua egiaztatu” botoiaren gainean. Bizilekuari buruzko datuak eskatuko dizkizu lehenbizi, Iruñean erroldaturik zaudela egiaztatze aldera (garrantzitsua da agiri-zenbakiaren letra ere idaztea, bai eta Erroldan sartzea baimentzeko laukia markatzea ere). Datuak zuzenak badira, zure kontuarekin proposamen alde egin ahalko duzu.
Antzeko proposamen asko daude, ezin dira proposamenak bateratu?
Antzeko proposamenak ezin dira beti bat egin. Izan ere, askotan antzeko bi proposamenen arteko desberdintasun txikietan dago koska, eta koska horrek alde handia eragin dezake bata ala bestea gauzatzean. Hartara, baliteke zenbait lagun proposamen baten alde egotea, ez baina, antzeko beste horren alde. Egileek hala nahi badute ere, ez dira proposamenak bateratuko. Izan ere, proposamenek babesa jasotzen dutenean, horien alde egin dutenen proposamen bihurtzen dira nolabait, eta aurrerantzean ez dira egileenak soilik.
Pasahitza ahaztu dut, edo ez dabil. Zer egin dezaket?
Pasahitz berria eska dezakezu, eta zure helbide elektronikora bidaliko dizugu. Irtenbide horrek ez badizu arazoa konpontzen, bidali mezu bat participacionciudadana@pamplona.es helbidera, eta bertatik konponbideren bat emanen diote zure kontuarekin lotutako arazoari. Prozesuen barruan aurrez aurreko bilerak badaude, horietara bertaratu eta prozesuan parte har dezakezu, plataforman izena eman beharrik gabe.
Ezin dut nire kontua behar bezala sortu
Irakurri “Errorea ematen dit bizilekua egiaztatzean” ataleko jarraibideak, bertan aipatzen diren inguruabarrak izaten baitira arazorik ohikoenak. Oraindik ere ezin baduzu kontua sortu, berrikusi “Nola sortu eta egiaztatu nire kontua” atala, eta baieztatu ondo egin duzula bertan adierazitakoa. Ez bazaizu arazoa konpontzen, bidali mezu bat participacionciudadana@pamplona.es helbidera eta laguntza jasoko duzu.
Aldatu nahi ditut nire helbide elektronikoa, erabiltzaile-izena edo pasahitza. Baja eman nahi dut, eta postan jasotzen ditudan jakinarazpenak (des)aktibatu nahi ditut. Nola egin dezaket hori guztia?
Egin klik “Sartu” estekan, idatzi zure helbide elektronikoa eta pasahitza, eta egin klik “Sartu” botoian. Gero, zoaz “Nire kontua” atalera, eta bertan duzu aukera hauek egiteko: helbide elektronikoa, erabiltzaile-izena edo pasahitza aldatu; baja eman; eta jakinarazpenak aktibatu edo desaktibatu. Behin aldaketak eginda, ziurtatu “aldaketak gorde” botoia sakatzen duzula.